Zure Bloga kudeatu

Sortu zure Bloga orain!

Elkartasuna
Irakasteko Euskal Herriari beste askatasun mugimendua nazionalak egoten direnak estatu espainolan, elkartasuna sortzeko gure artean.

Kategoria: Euskal Herria

02/08/2008 GMT 1

Iñaki De Juana Aranjuezeko espetxetik irten da

anartz_eh @ 16:28

Euskal Herria
Goizeko lehen orduan irten da Madrileko espetxetik.

Iñaki de Juana Chaosek Aranjuezeko (Madril) espetxea utzi du goizaldeko 07:26etan, Auzitegi Gorenak ezarri zion 3 urteko espetxe-zigorra bete ostean, Gara egunkarian idatzitako bi artikulurengatik.

Normaltasun osoz eta istilurik gabe irten da Madrileko espetxetik. Presoaren senideak eta Jone Goirizelaia bere abokatua kartzelaren kanpoaldean zeuden, bere zain. Lur orotako ibilgailu beltz batean sartu dituzte maletak eta Donostiarako bideari ekin diote.

Jone Goirizelaiak, Iñaki de Juana Chaosen abokatuak azaldu duenez, preso ohia "ondo" dago, nahiz eta "ez oso indartsu", iragan uztailaren 16an hasitako gose greba dela eta.

Giro horretan atera da Aranjuezeko espetxetik preso donostiarra. Bestalde, Dignidad Y Justicia taldeak elkarretaratzea deitu du gaurko Donostiako Alderdi Ederren.

Iñaki de Juan Chaos ez da Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Donostian prestatua zuen omenaldira joan, "segurtasun" arrazoiak direla medio.

Preso ohiak eskutitz bat helarazi die Donostiako Alde Zaharreko Juan de Bilbao kalean bere zain zeudenei. Bi pankarta handi zeuden bertan, "Ongi Etorri Iñaki, Euskal Herriak Demokrazia Behar du" lemapean.

Emakume batek eskutitza irakurri du. "Bihotza" beraiekin duela azaldu du eta bere atsekabea azaldu du, hitzordura ez agertzeagatik. Gainera, Espainiar Estatuko espetxe politika kritikatu du, eta parte-hartzaileak txaloka hasi dira orduan.

Neurri bereziak

Nekazal Guardia Zibilaren agenteak goizaldeko 05:00ak inguruan heldu dira Aranjuezeko kartzela ingurura, sarbideak kontrolatzeko eta balizko istiluak ekiditeko.

Agenteak hainbat furgoneta eta lur orotako ibilgailuetan heldu dira, eta kazetariak eta argazkilariak kartzelaren sarreratik kanporatu dituzte, gune urrunago batera.

Bere aldetik, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu du Euskal Herritik irten diren hainbat autobus eta furgonetak ezin izan direla Aranjuezeko espetxera heldu, izan diren polizia kontrolak direla eta.

Hiru gose-greba

2006ko abuztuaren 7an Iñaki de Juanak lehen gose-greba hasi eta 63 egunen ostean amaitu zuen.

2006ko azaroaren 7an De Juanak gose-greba hasi zuen, bigarrenez. Izan ere, egun hartan, Auzitegi Nazionalak 12 urteko zigorra ezarriko ziola filtratu zuten hedabideetan.

2008ko uztailaren 16an Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak De Juana biziko den etxea bahitzeko eskatu zuen (presoaren emaztearena da), biktimen kalte-ordainak ordaintzeko.

Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak "mespretxua" agertu zion De Juanari egin zituen hilketak direla eta, baina zigorra bete duela eta, presoa "jazartzeari" utzi behar zaiola adierazi zuen. Egun berean, De Juanak gose-greba mugagabea hasi zuen hirugarrenez, "beraren eta familiaren aurkako kanpaina mediatiko onartezina" salatzeko.

21 urte kartzelan

Iñaki de Juana Chaos 1987an atxilotu zuten Madrilen eta 3.000 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten 25 pertsona hiltzea egotzita. 1973ko Zigor Kodea oinarri hartuta epaitu zuten eta, horren arabera, 30 urteko zigorra bete zezakeen gehienez jota.

Legedi horretan bermatu zituzten eskubideei esker, 12 urte erredimitu zituen eta 18 urte espetxean egin ondoren, 2004ko urriaren 25ean aske geratu behar zuen.

Donostiar presoa libre geratu baino hilabete lehenago, ordea, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak erakunde armatuko kide izatea eta mehatxuak egitea leporatu zion, 2004an Gara egunkarian argitaratutako "El escudo" eta "Gallizo" iritzi artikuluengatik.

2005eko urtarrilaren 10a: Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileak behin-behineko espetxealdia ezarri zion Iñaki de Juana Chaosi aipatutako artikuluengatik.

2007ko otsailaren 12a: Auzitegi Gorenak hiru urtera murriztu zuen 12 urte eta 7 hilabeteko espetxe-zigorra, De Juanak bere artikuluetan "mehatxu ez terroristak" egin zituela eta terrorismoa goratu zuela iritzita.

Ongietorri Iñaki!

Artxiboa | Sortu zure Bloga orain!